berria.info

 

Asteazkena, 2015eko apirilak 15a.

«Federazioak beste era batean egin behar ditu gauzak».

 

Santiago Gonzalez. Xake jokalaria.

 

Bosgarrenez irabazi berri du Euskadiko Xake Txapelketa, hirugarrenez jarraian. Oso kritiko da Euskadiko Federazioarekin. «Ez da erakunde gardena dirua kudeatzerakoan».

 

 

Josu Tornay.

 

Izen bera ageri da 2013tik hona jokatu diren Euskadiko Txapelketetako koska gorenean: Santiago Gonzalez de La Torre. 31 urteko jokalari bilbotarrak denbora darama berari aurre egin diezaiokeen aurkaririk topatu ezinik.

Iaz, Euskadiko txapela irabazi arren, oso kritiko azaldu zinen zeure buruarekin. Aurten, gusturago zaude egin duzun lanarekin?

Aurten, bai, aurten oso pozik nago egin dudan lanarekin; maila bikainean aritu naiz.

Mario Gomezek bederatzi aldiz irabazi du txapela. Zu jada bostetan nagusitu zara. Aldea jada ez da horren handia?

Pausoz pauso joan nahi dut. Ez dut buruan Mario Gomezen marka. Txapelketa honetarako, adibidez, erronka bat jarri nion neure buruari: titulua hirutan jarraian irabazitako lehena izatea. Eta lortu dut. Egunen batean Gomezen marka gertu izanez gero, helduko diot erronka horri.

Maisu handiko titulua lortzea da hurrengo erronka?

Iaz, gogor egin nuen lan, baina gero ez nituen emaitza onak lortu, eta titulua lortu ezinik geratu nintzen. Aurten intentsitate handiagoz jokatu beharko dut. Nazioarteko torneo batzuetan lehiatuko naiz, baina ez oso jarraian, eta presio txikiagoarekin. Gogoetarako urtea da hau niretzat.

Inoiz txapeldun izandako zazpi jokalari aritu dira lehian aurten. Azken ekitaldien artean maila handienekoa izan da?

Bai. Lehen, hamarren artean edonork irabaz zezakeen.

Eskarmentudun jokalariak ez ezik, jokalari gazteak ere aritu dira: Javier Martxena (18 urte), Luis David Jimenez (19 urte) eta Eihartze Buiza (16 urte). Zein iritzi duzu haien inguruan?

Batak bestearekin ez du zerikusirik. Martxenak aurrerapausoak ematen segitzen du, baina txapelketa oso txarra egin du. Bere maila finkatu beharra dauka. Jimenez, berriz, apenas ezagutzen dudan; behin bakarrik jokatu dut haren aurka. Denbora behar du oraindik. Buiza, ordea, ondo ezagutzen dut, nire ikaslea delako duela bi urtetik hona. Ondo ari da, baina oraindik oso gaztea da, eta ikusteko dago non dagoen bere muga. Lasaitasuna eta konfiantza eman behar zaio. Hala ere, uste dut etorkizunean zeresana emango duela.

Oso kritiko zara aspaldi Euskadiko Xake Federazioarekin. Iritzia aldatu duzu?

Euskadiko Federazioan ez dago aldaketarik, eta ez dut espero ere egotea. Gaur egun, politikan badago gauzak beste modu batean egiteko nahia, eta nik begi onez ikusten dut asmo hori. Federazioak ere gauzak beste modu batean egin behar ditu. Hala ere, ezkorra naiz, uste dut ez dela ezer aldatuko. Interes gehiegi daude.

Iaz, ez zenuen jokatu Euskadiko Federazioak antolatutako euskal selekzioaren eta Eskoziakoaren arteko norgehiagoka.

Euskadiko Federazioa ez da gardena dirua kudeatzerakoan. Azkoitiko xake taldeak, adibidez, ez zuen parte hartu norgehiagoka horretan arrazoi horregatik. Beste iturri batzuetatik izan dut ekitaldi horren aurrekontuaren berri, eta nire iritzia da gehiegizkoa izan gabe eskuzabaltasunez jokatu zela. Ez dakit diru hori nola banatu zen, baina niri, behintzat, ez zidaten euro bakar bat ere eskaini han parte hartzearen truke. Ez zait iruditzen banaketa duina. Jokatu ahal izateko, nire lana bazter batean utzi beharra neukan, eta, horren truke, inor ez zegoen ezer ordaintzeko prest. Etorkizunean, selekzioarekin jokatzeko proposamen guztiak banan-banan aztertuko ditut.

Nazioarteko lehiaketari dagokionez, zein iritzi duzu Magnus Carlsenek eta Viswanathan Anandek jokatutako Munduko Txapelketako finalaz?

Carlsenek harritu ninduen berriro, sekulako erraztasuna erakutsi baitzuen irabazteko. Lehiakide handia da. Levon Aronianen aurka jokatu beharko luke horrelako buruz burukoren bat. Halaber, Fabiano Caruanari gertutik kasu egin behar zaio. Hura bakarrik izan da gai Carlsen mendean hartzeko, horrelako norgehiagokatan. Aronian eta Caruana; horiek dira, nire ustez, hautagai sendoenak.

 

“Aurten, bai, aurten, oso pozik nago egin dudan lanarekin; maila bikainean aritu naiz; halere, beti dago zer hobetu”.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/1835/022/001/2015-04-15/federazioak_beste_era_batean_egin_behar_ditu_gauzak.htm